Hondarea

Gaztelü zaharra

XII. mentean, Xiberoko laugerren bizkontea zen Gassion Jaunak Nafarroarekilako lotürak nahi izan zütüan azkartü. Gisa horrez, püntü haietan Nafarroako eta Aragoiko errege zen Alfonso Güdülakariaren zerbütxüko jarri zen. 

Gaztelü hori plantatü den leküan lehenagoko denboretako gotorlekü bat bazen, Ühaitz Handiaren nabako gaineko partearen begirari bezala. Güne haütü horrengatik, zurez eginik zen lehen gaztelü bat eraikirik izan zen. Geroxago, Alfonso erregearen manüz, harriz eraikirik izanen zena. Gisa horrez, « Guyenneko gotorlekü azkarrena » egin ümen zen. Gaztelü horren hegalpean, bastida bat eraiki zen : egünko Maule gainea.

Gotorkekü azkarra izanik ere, menteak jin, menteak joan, güdüka hanitx egari behar üken zütüan. Ingelesen esküpeko agitü ondoan, Gaston de Foix Jaunaren manüpeko güdükalariek arrabildü züen, bena bazterrak oro xehekirik eta süak deseginik baratü zen (XV. mentea).

XVI. mentean, berriz, erlijione gerlen ondorioak jasan zütüan. Azkenik, 1642. urtean Luis XIII. erregeak desegiteko manüa eman züan. 1648. urtean, halere, parte arra-eraiki züen, bena ez zen leheneko denboretakoa bezala seküla arrajin. XIX. mentean, kaserna eta presontegi bezala baliatürik zen. Haatik, ürgaixto hanitx bizitü badütü ere, Mauleko Gaztelü zaharra beti txütik da. Historia lüze eta aberats horren herexa ederrak baratzen zaitzo, hala nola harresi azkarrak, zübü altxagarria edo bista oso zabala eskentzen deikün zelatabidea. 

Gaztelü zaharra, egünko egünean 

1910eko agorrilaren 13an, Jean-Baptiste Heugas aüzapeza bürü züan Herriko Kontseilüak Gaztelü zaharra dohainik biltzea kausitü züan. Hegatzaren arra-eginarazteari plantatü zen segidan. 1925. urtean, eraikin historikoen zerrenda gehiagarrian jarririk da eta, geroztik herrokatürik izan diren Herriko Kontseilüek egin ahalak oro egin dütüe entretenitzeko. Ikerzaleak edo Gaztelüaren Adiskideak alkarteak arrabiziarazteko xedeetan ari dira,. Hala, üdan, ikusgarri elibat plantatzen dira Gaztelüaren harresien barnean edo üngürüan. Oraiko Herriko Kontseilüak, berriz, Gaztelü zaharraren arraberritze eta balioztatze egingei bat abiarazi dü. 

Anduraineko jauregia

Bastiza ezinago eder hau Berpizkunde-Aroaren leküko.

Laukilüze gisako eraikin honek torreak badütü saihetsetan. XVI. mentearen ondarrean Mauleko familia zahar bateko seme zen Pierre de Maytie jaunak eraiki züan. Familia hontan Olorueko hiru apezküpü sortü ziren. Erran bezala, arren, jauregi honen arkitektürak ontsa markatzen dü Berpizkunde-Aroan eraikirik izan zela : leihokürütxeak, leihoxka zizelatüak, gizamütür zizelak, tximinea apaintüak.  

Bastiza honen ezagütgarri aipatüenetarik bat da itsasontzipe baten antzo den bere zurtaje oso ederra. Hegatza aldiz, oholez eta losaz tapatürik da. Zurtajea, arren, itsasontziak egiten zütüen zurginek eraiki zütüen. Jauregiarekilan boti beste erainkin eli bat bada, bai eta ürzotegia bezala izentatürik den etxe bat. Jauregian bizi dira orano ere de Maytie familiaren ondokoak. Barneak bisitatzean, tximinea barroko zizelatü, eta XVII. mentekoak diren müble elien edertarzünaz ohartzen gira. 1953an Jauregia eraikin historikoetan sartü zen.

Lagüntzale eta argibide emaile batekin egiten diren bisitak plantatürik dira üztaila 1etik setemearen 15eala, egünoroz 11:00, 15:00, 16:15 eta 17:30etan, salbü ostegünez, igante goizez, eta besta egünez. 

Harremanetan jarteko : D’Azémar Jaun Andereak 05 59 28 04 18 

Herriko Etxea edo Hôtel de Montréal

Mauleko Herriko Etxea, Lextarreko plazaren bazter batetan edireiten da. Enecot de Sponde, Jean de Sponde olerkilariaren etxearen leküan.

 

Oraiko bastizaren eginaraztea, aldiz, Agramonteko konteak zeion manatü François de Mansart etxe-asmazale zinez famatüari. Bere estiloa ontsa agerian jarten züan. : Leiho ttipi borontedün eta arküdüneki eta artekatürik diren leiho zabalekilan.

Mansart jaunak Iruriko Elizabea jauregia ere asmatü züan. Ondotik, Mauleko Herriko Etxea den bastiza, De Montreal izeneko familiak ordeinüz berriz bildü züan.

Frantziako Iraultzatik landa, XX. mentean, bastiza hori Estatüaren menpe jarri zen eta Mauleko Suprefetura hor egon zen. Egünko egünean, bastiza eder hontan Herriko Etxea ohatzen da. 

Kürütxe Xuria

Erdi-Aroan, Xiberoko Korteak züzenbidea emaiten züan, astean berritan, Lextarreko intzaurtze baten pean. 1515 urte altexean, zühain hori esmeriatü eta erori zen. Honen leküan axurdin xuriezko kürütxe bat plantatü züen.

Kürütxe hau beti hor da eta 1925. urteaz geroz, eraikin historikoetan sailkatürik da. 

Berroetako (Berrauteko) elizattoa

Elizatto hau XI. mentean eraikirik izan zen segürrean. Maltako Zaldünen manüpeko Komandaterria baten jabetza zen. Konpostelako Dona Jakobeko sentorazaleek aterbü eta artatze edireiten züen elizattoaren kantüko ospitale batetan. 

Herria sortü zenean, parropia eliza egin zen. XVI. mentean behin beno haborotan berritürik izan ondoan ,bere zeinütegi hirukunarekilan Xiberoko eliza zahar hanitxen ütxürako zen. Errelijione gerla denboretan hanitx irauzirik izan zen. Zonbaiten ustez, elizatto honen pean ehortzirik izan zen Bernat Goihenetxe ‘Matalas’ apeza, 1661. urtean xiberotarren oldartzearen bürüzagi izateagatik epaitürik eta Lextarreko Kürütxe Xurian bürüa moztez ehorik izan zena. Oranokoan, haatik, ustekeria bat da, ez beita egiaztatürik izan.

1983. urtean erori beno lehen, Maule-Lextarreko Herriko Etxeak arraberriarazi züan. Üzteia eta mürrüak segürtatürik eta hegatza berritürik izan ziren. Geroztik, Berroetako elizattoa hilerri zaharraren begirari da.

Maule gaineko Andre Maria eliza

Maule gaineko Andre Maria eliza

Maule gaineko Andre Maria eliza XIV. mente ürrentzean eraikirik izan zen.

Bastidako bizizaleek zioen Berroetako Jondane Johane eliza hürrünegi züela eta azkenekoz Maule gainean berean eliza baten eraikiarazteko baimena ardietsi züen.

Eliza hau errelijione gerlen denboran behin beno haborotan errerik izan zen. 1569. urtean, Olorueko Claude Régine apezküpüak bere kargüan han jarraikitzeari üko egin zeion eta Maulera ihes egin züan. Gisa horrez, Maule gaineko Andre Maria eliza katedrale heineala eraikirik izan zen eta hola ere 30 urtez baratü. Arnaud de Maytie apezküpü berriak, haatik, kargüaren egongia nausia Oloruerat arra-ekarri züan eta Maule gaineko Andre Maria eliza arrunt baten heinealat arrajin zen. Eliza hau, Xiberoko beste hanitx bezala, zeinütegi hirukunekoa da. Barnean, erretaula barroko batek Ama Birjinaren bizia goraipatzen dü.

Sargian, berriz, lehenagoko bihi izari bat ageri da, Jinkoaren eta gizonen bizia bata-bestearen ondoan baratzen zirelako jakile. Ezi, elizaren kantüan, merkatü egüna asteartez egiten zen. Eliza ttipi hau, zer nahi den, Maule gainearen edertarzünetarik bat da eta horko bizizaleak hontaz bürgoi dira.

Jondane Johane Batista eliza

Jondane Johane Batista eliza

1877an eliza berri baten eraikitzeko deliberoa hartü zen. Lehen harria 1879an jarri ondoan, 1885an elizaren eraikitzea ürrentü zen.

Neogotiko estilokoa den bastiza hau, parte batez Lextarreko elizaren harriekilan eraikirik izan da. Latino kürütxe baten manerala moldatürik, eliza-ezkaratza lau herrokaz eginik da. Altare-aitzina, 1892an apaintü züen.

Jondane Johane Batistari eskeintürik den eliza hau 2008an berritürik izan zen eta sinesle bai bisitazale güzier batzarri hona egiten deie. 

Maison de la Fée etxea

Lamiñaren etxea, edo "fée" delakoaren etxea

XV. mentean bastiarazi zen etxe hau Mauleko zaharrenetarik bat da. Peko Arrüa eta Gaztelü zaharra jüntatzen dütüan Gotorleküaren karrikan edireiten da. Bortagaineko harriak 1485. urteko data erakusten deikü. Sargia zabalak markatzen dü kabaleak barnealat sarrarazteko baliatzen zela, jenteak aldiz, lehen selaürüan bizi ziren. Maule-Lextarren egünko egünean baratzen den Erdi-Aroko etxegintzaren jakile da… bena nihork ez daki nor debrü izaten ahal zen izena emaiten deion « fée » delako hura.