Maule-Lextarre, egünko egünean

Maule, xiberoko herri nausia bere historiaz eta edertarzünetaz aberasten den kantonamentüko hiri bürüa. Egünko egünean, bere aroari egokitürik den bizimolde bat proposatzen dü.

 

Herriko mintzajea eta eüskal kültüra begiratzeko eta süstatzeko indarrak egiteaz gain, Maule-Lextarrek jakin üken dü oraiko denborer doitzen eta XXI. mente hatsarre hontako nortarzün bizi baten hazten. Hala, oraiko kültüra agerraldiak ere eskentürik dira herritarrer : karrika antzerkialdi bat, kontzertü andana bat (süerte güzietakoak, klasikoetarik sorkuntzakoetara).

Kirolen sailean ere bizitarzün handi bat agertzen dü Maule-Lextarrek, errügbi, futbol, pelota, judo, karate, zaldikirol, ebilte, auto lasterka eta besterik egin beitate heben.

Xiberoko ekonomia sailak ere biziberritze bat ezagütü dü. Espartiñagintzak baldin badü hiria biziarazi eta hazi XIX. mentean eta XX.ko parte batez, orai, ekoizkin berriak asmatzen eta egiten dütüan ofiziale gisako langintza bat da. Moda berrier doitzen badaki eta kalitate handiko mozkinak eskentzen dütü.

Horrez gain, beste lanbide elibat ere plantatü dira eta hebenko gazteer herrian bizitzeko parada emaiten deiena.

Hala, entrepresa ttipi eta arteko andana bat plantan jarri dira, honenbeste lan sailetan : aeraunotika, montadürentako ekeiak, kautxugintzako pasta berriak, laborantxa-mozkinak, hurarekilako argindarra, irintegiak, ikertze bülegoak…

Laborantxaren sailak ere aitzinatze bideak hartü dütü, laborari etxalteak etxekitzez eta horietan ekoitziak diren kalitatezko mozkinak leküan berean salmentarako doitzez.

Turismaren aldetik, Maule-Lextarre ari da jente errezebitzeko ahalen handitzen. Hala nola, jente saldoer aterbü emaiteko eta batzarri egiteko leküak plantatü dira.

 

Gisa orotan, arren, Maule-Lextarrek – eta Xiberoak oro har – oraikotarzünari eta geroari doitzeko bideak hartürik dütüe eta herritarrer heben goxoki eta irus bizitzeko paradak emaiten deitze. 

Herria zonbakietan

Maule hedatzen da Ühaitz Handiaren bi saihetsetan. 

Hedadüra : 1.280 ha 
Goratarzüna : 139 m 
Bizizale kopürüa : 3.440 bizilagün 
Maulek Xiberoko bizizale heinaren %25a biltzen dü (13.867 bizilagün)
Jentebiltarzüna (bizizale zonbata km2 batentako) : 272,5 
Bizigiak : 1.771 
Bigerren etxebizitzak : %3,1