Besten historia

Maule-Lextarreko bestak üztailaren 14ren üngürüan agitzen dira egünko egünean. Animazione hanitxekila bazterrak harrotzen dira bospasei egünez.

Besta horien lehen aipamena 1880eko maiatzaren 20an da. Egün hartan Antoine d’Abbadie d’Arrast, Abadia Urrüstoi bidajant eta bazterren ikerzaleak olerki lehiaetka bat plantatü züan. Holako besterik agitü dira 1890eko setemez ere, aldi hartan, berriz, Herriko Kontseilüak deliberatü züalarik Lextarreko plazan anfiteatro baten plantatzea. 1896. urtean ere beste bat antolatürik izan da. 

1880an Üztailaren 14a Frantziako Jei Egün nazionala egin zelarik, Herriko Kontseilüak deliberatü züan ogi, haragi eta ardu dohainik emaite baten egitea.Libertimentüak antolatürik ziren egünaz, eta bastimentü publikoak argiz beztitürik gaüaz (ordü haietan orano kandelaz egiten zen, herriko langile batek horik pizten zütüan).

Maule-Lextarreko eliza bestak, haatik, Jondane Johanez agitzen dira, arramaiatz ondarrean. Ordünkoz egiten ziren, zaldi lasterketa famatüak baziren, Mauleko bestak kantorean aipatzen direnak jüstoki. Hala, 1892ko jeientako izanziren lasterketan, kartieleko hazleen 10 montüra lehiatü ziren, Mauleko Zaldi lasterkagian (Bérard etxagünea da hor, egünko egünean). Berantago, montüra lehiaketa horik Barragari altean egin ziren, karraxukilako lasterkaldiak bilakatüz.

Bigerren Mündü Gerlatik landa, berriz, herriko karriken gainti egin ziren montüra lasterketa horik. Bizizale zaharrenak hortaz orano ontsa orit dira. Zorigaitzez, montüra lasterkaldiak galtzera ützi ziren, batez ere segürtantxa arrazu elibatengatik.  

Egünko egünean, arren, Mauleko bestak üztailaren 14aren üngürüan plantatzen dira, püntü hortan aisago beita jente saldoen biltzea, kartielekoak nola ere bakantzaz heben gainti agitzen direnak. Nontik nahi den, Xiberoko gazteriak Mauleko bestak hanitx preziatzen dütü, gaitzeko airean eta trenpü honean igaran ohi beitira.